ELIZONDO
elizondo@ctv.es
 

JON FRANZESENA, ELIZONDOKO ALKATEA IZANDAKOAREN HERIOTZA.

Zendutakoa Iturri-Ederra Ur eta Elizondoko Bizkortzerako Elkartearen lehendakaria zen, Herriko Alkatea 1993tik 1995era.

(2001eko azaroa).


 

Jon Franzesena agurtzeko asmotan Elizondar eta Baztandar aunitz leporaino bete zuten Elizondoko Santiago Apostoluaren eliza, hildakoaren familia lagunduz. Hilkutxaren gainean jarritako Elizondoko bandera eta "Agur Jaunak" izan ziren Iturri-Ederra Ur eta Elizondoko Bizkortzerako Elkartearen lehendakaria eta Herriko Alkatea 1993tik 1995era izandako Jonen azken bidelagunak.

 

Balleko eliza handiena den Elizondokoa gainezka zegoen, ehunaka baitziren hurbildutako Baztandar eta Bidasoa aldeko lagunak. Aunitz izan ziren elizaren kanpotik herriko apeza den Javier Azpirotz emandako meza ospatu behar izan zituztenak. Egungo Alkatea Ana Mari Marín eta honen aurretik izandako Anastasio Nagore, Santi Aldako eta Pedro Mª Esarte izan ziren herriko bandera hilkutxaren gainean jarri zutenak.

Eusebio Izetaren gidaritzapean Herriak, atsekabean lagun, kantatu egin zuen. Jexux Baylon txistulariak, mendietan barna Jon Franzesenaren kidea, kontsagrazioan Agur Jaunak jo zuen. Kanposantuan errezatutako errespontsura ere hurbildu ziren lagunak, aunitz izan ziren lore sortak eta koroak eraman zituztenak: Elizondoko Herria, Iturri-Ederra Elkartea, Batasunako kideak, Baztango Mendigoizaleak, Baztandarren Biltzarra bertzeak bertze. Arraiozen sortu zen Jon Franzesena, Elizondon duela 25 bat urte bizi bazen ere, bertako Alkate-Juradoa izan zela, Baztango Batzorde Orokorreko bokala 1993-1994an, hurrengoan kargua berritu arren 1995an dimititu egin zuen Udaletxearen aitzinean Herriek kudeatzeko indarra galdu zutela salatuz.

Zintzotasunez eta ardura osoz, langile itzela, Elizondoko Herriak Saltsun egindako aritzen landaketa berari esker dugu, laster Udaletxeak gauzatuko duen Muniarteko zubiaren berrikuntza proiektua berak agertu zuen. 1994ko Santiotan, goraipagarria den ekimena burutu zuen, azkeneko berrogeita hamar urtetan Elizondoko Alkateak izandako herritar guztiak bildu eta omendu zituen, orduan adierazi zuen gisara "guztiek Herrirako zerbait ona egin dutelako".

 

Web gunearen inguruko edozein zalantza izanez gero Alejandro Arizkunengana jo ezazu: pagina@elizondo-baztan.com