ELIZONDO
elizondo@ctv.es

ANTOLAKUNTZA ADMINISTRATIBOA


ELIZONDOtik BARNA


 

 

Dakigun bezala Elizondo Baztango Udalerriaren antolakuntza administratiboaren barne dago. Antzina-antzinatik Unibertsitatea den Baztango Haranean denon afera gehienak ohituraz zein idatziz arautu izan dira.

 Erdi aroan Baztango aferen zuzendaritzan zer erran handia izan zuten Leinu buruek eta Jauregitarrek; honek ez du erran nahi gainontzeko herritarrek parte hatzen ez zutenik. 

 
 

Aro modernoan partehartze hau garrantzia irabazten joan zen, 1603an onartutako lehendabiziko Ordenantzetan islatu zelarik. Bertan, baztandar guztiaz osatutako Batzorde Orokorra ezartzen zen, guztien ondarea kudeatzea eta Baztango berezitasuna bere burua bereizi nahi zuten bizilagunetik, Koroatik eta inguruko herritik babesteko.

Batzorde Orokorrean jende aunitz biltzen zela eta hori gehiegi zelakoan 1658an Juntako kideen kopurua murriztu zen. Gorabehera haien gibeletik ez zen zaila ikustea artoaren hedapenak ekarri zuen hazkunde ekonomikoaren eraginez diru aldetik bizilagunen artean sortutako ezberdintasunak.

 
1696ko Ordenantzetan Juntaren osaketa finkatzen da, denetara berrogeita hamar Juntakide: Alkatea, Jauregitarrak, herri bakoitzeko Juradoa eta herriek aukeratutako zenbait Diputatu.
Gaur egun Batzorde Orokorrak komunala kudeatzen jarraitzen du, udalerriko azalaren %80a. Junta horrela osatua dago: Balleko Alkatea, Zinegotziak, herri bakoitzeko Alkate-Juradoa eta Balleko kuartel bakoitzeko batzarkide bat: Baztangoiza (Amaiur, Erratzu, Arizkun eta Azpilkueta), Elizondo (Elbete, Elizondo, Lekaroz eta Gartzain), Erberea (Irurita, Arraioz eta Oronoz-Mugairi), eta Basaburua (Ziga, Aniz, Berroeta eta Almandoz).
 Lehendabiziko Ordenantzetan dagoeneko ezartze zen herri Bakoitzak Juradoa aukeratu behar zuela, laster Diputatuak, baita ere zerga gisa eta Errege zein Udaletxeak agindutako diru kopuruak biltzeko arduraduna. Herriko Juradoak, Balleko administrazioan parte hartzeaz gain, zuhaitz landaketak edo konponketak egiteko herritarren auzolanak antolatu behar zituzten.
Gaur egun bi urtez behin eta herritarrak Batzarrean bilduta hautatzen da herriko Juradoa, honek bere laguntzaile gisa arituko diren kargodunak izendatzen ditu, Juntara joanen da herria ordezkatuz eta garrantzizko aferetaz erabakiak hartzeko Batzarrera deituko du.

Argibide orokorra        Orrialde nagusia

Web gunearen inguruko edozein zalantza izanez gero Alejandro Arizkunengana jo ezazu:

 pagina@elizondo-baztan.com